Economía Solidaria

«Ezagutzen dugun kapitalismoa hiltzera doa. Orain dugu alternatiba eraikitzeko zirrikitua»

Ekonomia Sozial eta Solidarioa datozen urteetarako pausoak definitzen aritu da Bilbon orain aste batzuk antolatutako Bigarren Kongresuan. REAS Euskadi izan da besteren artean jardunaldien antolatzailea, eta Leire Alvarez de Eulate kidearekin hitz egin dugu REASen orain arteko ibilbideaz, gaur egungo lehentasunez eta hemendik aurrerako urratsez. Leire Alvarez de Eulate (Santurtzi, 1975) REAS Euskadiko Proiektu Arduraduna […]

19 diciembre 2016

Buscador de noticias

  • Filtra por temática

  • Filtra por etiqueta (Ctrl+clic)

  • Filtra por tipo de contenido

  • Filtra por tipo de recurso

  • Orden de los resultados

Ekonomia Sozial eta Solidarioa datozen urteetarako pausoak definitzen aritu da Bilbon orain aste batzuk antolatutako Bigarren Kongresuan. REAS Euskadi izan da besteren artean jardunaldien antolatzailea, eta Leire Alvarez de Eulate kidearekin hitz egin dugu REASen orain arteko ibilbideaz, gaur egungo lehentasunez eta hemendik aurrerako urratsez.

Leire Alvarez de Eulate (Santurtzi, 1975) REAS Euskadiko Proiektu Arduraduna da 2010etik. Merkatu sozialen garapenean eta sozialki arduratsuak diren kontratazio publikoen prozesuetan laguntzaile aditua da. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren II. Kongresuaren aitzakian jo dugu beragana REAS Euskadi sarea ezagutzeko.

Lagundu pixka bat kokatzen: zer da REAS?

1995ean sortu zuten REAS hogei bat elkarte eta erakundek, bi urtean behin Kordoban antolatzen den eta gaur egun Idearia izenez ezagutzen den Ekonomia Solidarioaren bigarren bilkuran. 2000. urterako 170 ziren REASen barruan lanean ari diren erakundeak, eta garai horretan definitu ziren Sareen Sare izango den egitura; hau da, REASek lurralde eta sektore arteko lanak bultzatu eta koordinatzeko funtzioa hartu zuen. 2014an 350etik gora elkartek, taldek eta erakundek osatutako hemezortzi sare zeuden, eta gaur egun 500dik gora dira dagoeneko REASen lanean ari diren erakunde eta enpresak.

REAS Euskadi 1997tik dago martxan, eta gaur egun 74 enpresa eta erakunde sozial dira bultzatzen dutenak ekonomia bat pertsonen eta beren inguruaren zerbitzura egongo dena.

«Espainia mailan baditugu hainbat eredu lagunduko digutenak ekonomia inklusibo eta demokratikoa eraikitzen, eta horretan pausoak ematen jarraitzea tokatzen zaigu»

Ekonomia Sozial eta Solidarioaren II. Kongresutik ondorioak ateratzen ari zarete.

Lana osatzen ari gara oraindik, eta urtarrilaren erdialdera argitaratuko dugu sarean txostena. Baina laburpen txiki bat egin beharko banizu: Espainia mailan baditugu hainbat eredu lagunduko digutenak ekonomia inklusibo eta demokratikoa eraikitzen, eta horretan pausoak ematen jarraitzea tokatzen zaigu. Kongresuan oso presente izan da ikuspegi feminista; ekonomia feministak egindako ekarpenak barneratuta izango dituen ekonomia solidarioa eraiki behar dugu. Eta horrez gain, ekonomia solidarioaren sare sendo bat osatzeko beharra ere ikusi da, oinarri soziala izango duten egitura kooperatiboak (finantzak, energia, elikadura, komunikazioa…) sortu eta bultzatzeko beharra, eta ekonomia jasangarriago baterantz egin beharreko trantsizioan indarrak jartzea ere bai.

Ekonomia sozialaren gaia azken urteetan indarra hartzen ari da Euskal Herrian. Baina benetan mugimendu alternatibo kritiko eta kontziente bat sortzen ari da ala koiuntura ekonomikoak eramanda puztu eta “benetako ekonomiak” hobera egitean hustuko den fenomenoa da?

Egia da 2007-2008an lehertu zen finantza krisiaren ondotik asko hazi direla sozioekonomiaren inguruko alternatibak. Kasu batzuetan garapen neoliberalarekin kritikoak diren kolektiboek sortutakoak dira, eta beste batzuetan lehendik martxan zeuden baina egoerak horretara eramanda geroz eta jende gehiago atxiki zaien proiektuak dira. Dena dela ere, guk mugimendu bezala aukera eta erronkatzat ikusi behar dugu gaurko egoera, eta lortu behar dugu indartzen ari den energia hori guztia kanalizatu eta alternatiba inklusiboak eraikitzea, guztiontzat lekua egongo den alternatibak. Denetariko proiektuak sortzen ari dira: sistema kapitalistarekin batera bizi direnak, zenbait praktikatan eredu horretatik alde egin baina beste zenbait egoeratan barneratuta dutenak, eta neurri txikiagoan baina indartzen ari diren sistema kapitalistatik ahal bezain beste deskonektatzen diren proiektuak. Trantsizio garaiak bizi ditugu, eta dibertsitatea garrantzitsua da; horiek izango baitira osatuko den delako eredu post-kapitalista horren mugak markatuko dituztenak.

Ez da batere erraza, ordea, merkatuen eta kapitalaren logiketatik kanpoko alternatiba sozioekonomikoak eraikitzea, gaur egun guztia diruaren bueltan dagoenean eta erabakiak kapitalean eta merkatuan izango duen inpaktuari begira hartzen direnean. Baina César Rendueles-ek Bilboko Kongresuan esan zuen moduan, kapitalismoa azken pausoak ematen ari den zonbi bat da, eta azken urrats horiek mingarriak badira ere, garbi dagoena da kapitalismoa ezagutzen dugun modura behintzat hiltzera doala. Eta hor dago gure aukera, alternatiba antolatzeko zirrikitua.

Zein dira gaur egun REASen lehentasunak?

Hiru dimentsiotan bereizten dugu mugimendua: batetik dago ekintza ekonomikoa, merkatu sozialean, solidaritatean, kontsumo kritikoan oinarrituko den aktibitate ekonomikoa sortzearen garrantzia; bigarrenik dago ekintza soziopolitikoa, kultura aldaketa bultzatuko duena, beste gizarte mugimenduekin –feminista edo ekologikoa, adibidez– aliantzak eta elkarlana bilatuko dituena; eta hirugarrenik dago ekintza politiko-instituzionala, herritarren beharrak erdigunera eramango dituen politika publikoak martxan jarriko dituena eta garapen lokal alternatibo jasangarriak bultzatuko dituena.

Aditua zara sozialki arduratsuak diren kontratazio publikoen prozesuetan. Nola dago erakundeetan klausula sozialen gaia?

Guk nahi baino mantsoago doa gure administrazioetan klausula sozialak txertatzea. Azken urteotan, baina, aurrerapenak egon dira eta zenbait lekutan hasi dira ohartzen kontratazioa ez dela administrazio publikoak zerbitzuak ahalik eta merkeen lortzeko duen tresna, baizik eta botere publikoek kohesio soziala, aberastasunaren banaketa, justizia eta halako balore eta helburuak lortzeko duten tresna juridikoa dela. Borondate politikoa behar da.

ITSASO ZUBIRIA ETXEBERRIA

Argia


Artículos Relacionados

----