Autor/a: 
Amaia Naveda (REAS Euskadi)

Egun on ordezkari sindikal guztiei, baita gonbidatuei ere. Lehendabizi, mila esker bihotz-bihotzez gonbidapenagatik. Lehenengo aldia da kongresura gonbidatuak izaten garela, ta gainera hitza ematen diguzuela, beraz guretzat sekulako presioa, baina baita ilusio itzela ere. Gure gaurko presentzia kongresu honetan, azken urteotan mugimendu sindikal eta ekonomia solidarioaren mugimenduaren artean emandako gerturatzearen ondorioa da, eta onartu berri duzuen 3. ebazpen hori, adibide argi da ere.

REAS eta ekonomia solidarioari buruz nabil hizketan, baina agian ez gaituzue ezagutzen, normala, errealitate txiki-txikia gara eta. Errealitate txiki honen baitan gauden EAEko 63 entitateok, REAS Euskadi sarea osotzen dugu, eta gure helburua, bizitza ekonomiaren erdigunean jartzea da, sistema kapitalistatik ahalik eta gehien deskonektatuz. Hainbat jarduera-sektoretan aritzen gara eta alternatibak egon badaudela sinesten eta ozen zabaltzen dugu.

Baina, zeintzuk dira ELA bezalako sindikatu baten eta REASen arteko lotune edo topaguneak? Hau, da, zergatik gaude gu gaur hemen? Seguru asko lotune pila daudela, baina hurrengo bi hauetan zentratu nahi izan gara:

1. Lehenengoa: enpleguaren krisiaren inguruko analisi bera konpartitzen dugula da. Langabeziak gora egin du, enpleguaren egonkortasun eza orokortu da, langile pobreen fenomenoa azaldu da eta lanen zein pertsonen arteko soldata desparekotasunak daude, baita emakumeek eta gizonek dituzten aukeretan ere. Guzti hau gutxi balitz, teknologia berrien ondorioz, enpleguen galera nabarmena emango da eta lan merkatuaren dualizazioa jasango dugu. Zelan? Alde batetik soldata eta kualifikazio altuko enplegu gutxi batzuk egongo dira eta bestetik, berriz, prekarizatutako enplegu mordoa.

2. Bigarren lotunea, gaur egungo eredu sozioekonomikoari kritika erradikala egitea behar-beharrezkoa dugula da.

Ekonomia sozial eta solidarioaren aldetik, norabide-aldaketa bat bultzatzeko beharra eztabaidaren erdigunean ipini nahi dugu. Eztabaida sakon bat, beste eredu sozioekonomiko batera igarotzeko beharrezko trantsizioei heltzeko aukera emango diguna. Eredu horrek, erdigunean izango du bizitza bera, eta bizi hori ugaltzeko prozesuak sustatuko ditu, gizonak eta emakumeak izaki interdependienteak (zaintzaren beharra dugulako) eta ingurumenaren beharra dugun izakiak garela kontutan hartuz.

Zelan has gaitezke beraz? Lan guztien berrantolaketari ekin behar diogu. Horrek esan nahi du, batetik, gizonezkoek hasi behar dutela bizitza mantentzeko eta zaintzeko ardura hartzen, eta, bestetik, emakumeok, erabakiak hartzen diren espazio publikoaren alorrean sartu behar garela, guztion artean, genero-pribilegio horiek mantentzen dituen sistema heteropatriarkala suntsituz.

Rollo guzti hau, esateko, aurretik aipaturiko guztia ezin dugula bakarrik egin, gizarteko eragile sozial eta sindikalok, elkarlanean aritu behar gara. Zehazki, alternatiba ekonomikoak sustatzeko, sindikalismoa eta ekonomia soliarioaren artean sor daitezkeen sinergietan sakontzen jarraitzea gustatuko litzaiguke, eta finantza etikoak, energia berriztagarriak, elikadura burujabetza, zaintzen ekonomia, kontsumo kritiko, kontziente eta eraldatzailea, etab. bezalako proposamenen sustapenean elkarlanean aritu nahi gara, baita bidegabea, bortitza, patriarkala eta sostengaezina den kapitalismo honi aurre egiteko dauzkagun topaketa eta mobilizazio espazioak ere indartu nahi ditugu.

Jarrai dezagun borrokan, beraz! Zorionak, mila esker eta hurrengora arte!