Lugar de la noticia: 
Donostia

Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak lankidetza borondate politiko kontua dela berretsi du eta instituzioei legea betetzeko eskatu die. Murrizketek pertsonak kaltetu eta arriskuan jartzen dute jada egindako lana ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde garrantzitsuenen eta hainbat udalen kontuak ikertu ondotik, Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak instituzioei eskatu die guztizko aurrekontu bateratuaren %0,7 lankidetzara bideratzeko plangintza egiteko.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak “Euskal lankidetza publikoaren azterketa 2011-2014” aurkeztu zuen atzo. Bertan jasotzen denez, 2014an EAEk bere barne produktu gordinaren (BPG) %0,15 inguru bideratu zuen lankidetzara, espainiar Estatuaren eta Greziaren antzeko mailara jaitsiz. 2015erako eta 2016rako aurreikuspenak ere ikertu dituzte eta ohartu dira horietan ez dela, erakundeek behin eta berriz dioten bezala, 2016an krisia gaindituko dugula islatzen.

Ohartu direnez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa oraindik hagitz urrun daude 1970ean Nazio Batuetan hartu zen konpromisotik: BPGaren %0,7 lankidetzara zuzentzea; baita Lankidetzaren Euskal Legea betetzetik ere.

Koordinakunde honek 82 GGKE hartzen ditu barrenean eta hiru lan arlo nagusi ditu: kalitatezko garapenerako lankidetza sustatzea, kide diren erakundeen prozesuei laguntzea eta gure inguruan eraldaketa soziala bultzatzea. Garapenerako Laguntza Ofiziala autonomia erkidegoetako, foru aldundietako eta udaletako gobernuek herrialde pobretuetara bideratzen duten aurrekontuaren zati bat da. Hezkuntzan, osasunean eta pobreziaren kontrako borrokan erabiltzen da batez ere.

Gipuzkoak eutsi, baina orain kezka

Iñaki Orube, Sandra Fernandez eta Jon Gonzalez bozeramaileek azaldu zutenez, krisiaren testuinguruan, euskal erakunde publiko gehienek lankidetza murriztu dute. Gipuzkoa da salbuespena, hemen eutsi egin zaiolako ehunekoari. Halere, helburutik urrun dago. Lurralde honetan gai honi dagokionez alderdien artean dezenteko adostasuna egon izan dela txalotu zuten. Orain kezkatuago daude, ordea. «Aurrekontu zirriborroa ikusita, badirudi atzera egingo dela».

Gauza bat argitu nahi izan zuten: «Ez dugu kantitaterik eskatzen, baizik eta ehunekoa. Krisiagatik dirua gutxitu daiteke, baina ez egiten den ahalegina. Ez duguna onartzen da aurrekontua igo eta lankidetza jaistea».

2014an, Arabako Foru Aldundiak guztizko aurrekontuaren %0,28 bideratu zuen lankidetzara, Bizkaikoak %0,31 eta Gipuzkoakoak, %0,52. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak %0,34, Bilboko Udalak %0,39, Donostiakoak %0,47 eta Gasteizkoak %0,91.

2016ko datuak (aurrekontu zirriborroenak) kontuan hartzen baditugu, guztizko aurrekontu bateratuari dagokionez (sozietate eta enpresa publikoak barne), ehunekoak are gehiago murrizten dira: Arabako Foru Aldundiak %0,22, Bizkaikoak %0,32 eta Gipuzkoakoak %0,41.

Zenbaki horiek guztiek eragina dute pertsonengan. Ohartarazi zutenez, murrizketek egonkortasun falta ekartzen dute eta arriskuan jartzen dituzte jada bide bat egina duten proiektuak ere. Horregatik, epe luzeko egitasmoak hobesten dituzte.

Ikerketatik hainbat ondorio eta proposamen atera dituzte. Lehena, erakundeak eta bereziki udalak elkarren artean koordinatzera animatzea. Hala, aurrekontu muga handiak dituzten esku hartze isolatuak saihestuko liratekeela deritzote.

EAEko garapenerako lankidetzaren %60tik gora bost herrialdetan egiten da. Horiek guztiak Latinoamerikan daude, «GGKEen tradizioagatik eta euskal gizartearekin duen loturagatik». Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari eta Palestinari emandako laguntza ere nabarmendu zuten, bereziki udalerriek. Saharaz hegoaldeko Afrikan egiten den esku hartzea ere areagotu egin da azken urteetan, baina oraindik ere zailtasunak daude erakundeek beren araudia eta proiektuen kudeaketa Afrikako errealitatera egokitzeko. Egoera hori alda dadila eskatu zuten.

Beharrezko ikusten duten bertze kontu bat oinarrizko gizarte zerbitzuen garapenak sektoreko lehentasunetako bat izaten jarraitzea da. Elikadura burujabetzan eta emakumeen ahalduntzean ematen du laguntza gehien gaur egun EAEko lankidetzak.

GARA