Fecha y Hora: 
Vie, 17/03/2017 - 10:30 - 13:30

Lugar de la actividad: 
Mendizorroza (Gasteiz)

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak direla salatu nahi dugu. Alternatiba sozialak badaude, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik bide hori egiteko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik proiektuaren inguruan akordio batera iristeko. Alternatibak argi eta garbi jarrik behar dira mahai gainean. Horregatik, abenduan Labriten (Iruñea) egin genuen bezala, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak aldarrikatzeko, martxoaren 17an (ostirala) ekitaldia egingo dugu 10:30tan hasita Gasteizko Mendizorrotza pilotalekuan. Ondoren, manifestazioa egingo dugu Legebiltzarreraino “ALDAKETA SOZIALERAKO, Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” lemapean.

2015. urteko martxoaren 14ean Euskal Herriko eskubide sozialen Kartaren iniziatibaz, Bilboko kaleetan 7.000 herritar mobilizatu ginen aldaketa soziala eskatzeko. Bi urte geroago, EAE-ko aurrekontuen aurrean kalera aterako gara, aldaketa soziala gauzatu eta politikaren lehentasunak aldatzeko mobilizazioa ezinbestekoa delako.

2008. urtean lehertu zen krisialdi finantzarioaren aurrean, eredu berria baten alde egin beharrean, politika neoliberaletan sakontzea erabaki zuten elite politiko zein ekonomikoek. Ordutik hona Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundien zerga eta aurrekontu politikek bide hori inplementatu dute. Azken urteotan gutxi batzuen interesen aldeko politikak sustatu dituzte erakunde hauek egonkortasun zein modernitatearen izenean, prekarietate zein pobrezia egoera betikotuz herritarron gehiengoarentzat.

Aurrekontuak oinarrizko tresna dira, egungo politikaren lehentasunak aldatu edota politika neoliberaletan sakontzen jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektua aztertu ondoren, zoritxarrez, honako ondorioa atera dugu: Eusko Jaurlaritzak herritarron behar zein interesak alboratzea erabaki du, proiektu neoliberalean sakonduz eta Araba, Gipuzkoa zein Bizkaian proiektu sozial, parte hartzaile eta burujabeari muzin eginez.

Formari dagokionez, inolako eztabaida edota parte hartze sozialik gabe proposaturiko aurrekontu neoliberalak dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Patronalaren, elite ekonomiko eta alderdi kontserbadoreen interesak gailentzen direlako.

Edukiari dagokionez, PNV-PSEE arteko Gobernu Akordioa garatzea dute helburu. Batetik, diru publikoaren bilketa ez da nahikoa, ezta justua ere ez, enpresek eta kapital errentek beharko luketeena baino askoz gutxiago ordaintzen dutelako. Bestetik, ez dira beharrezkoak diren inberstioak egiten sektore publikoa garatu, enplegua sortu eta behar sozialei erantzuteko.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian aberastasuna badago herritarren beharrak bermatzeko. Era berean, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen aldeko gehiengo soziala ere badago, politikaren lehentasunak aldatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu neoliberalak direla salatu nahi dugu. Alternatiba sozialak badaude, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik bide hori egiteko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren kontuan hartuta, argi dago ez dagoela aukerarik ikuspuntu sozial batetik proiektuaren inguruan akordio batera iristeko. Alternatibak argi eta garbi jarrik behar dira mahai gainean. Horregatik, abenduan Labriten egin genuen bezala, aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak aldarrikatzeko, martxoaren 17an (ostirala) ekitaldia egingo dugu 10:30tan hasita Gasteizko Mendizorrotza pilotalekuan. Ondoren, manifestazioa egingo dugu Legebiltzarreraino “ALDAKETA SOZIALERAKO, Aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeen alde” lemapean.

HAUEK DIRA GURE ALDARRIKAPENAK:

1. Aldaketa soziala aldarrikatzen dugu. Aldaketa estrukturala nahi eta behar dugu politika publikoetan:aberastasunaren banaketa, kalitatezko enpleguaren sorrera, bizitzaren iraunkortasuna eta askatasun zein kultur eskubideen defentsa oinarri izango dituena.

2. Sakoneko erreforma fiskala gauzatzea eskatzen dugu, gehien dutenek gehiago ordain dezaten. Iruzur fiskala eta kapitala eta errrenta altuei azken hamarkadetan eman zaien pribilegiozko tratamenduarekin bukatzea exijitzen dugu. Aberastasunaren banaketa ahalbideratzeko politika fiskal justu eta progresiboa aldarrikatzen dugu. Neurriok ezinbestekoak dira diru sarrerak handitzeko, beti ere zerbitzu publikoak, enplegua, babes soziala eta kultur-hizkuntza eskubideak sustatze aldera.

3. Jendarteak zor handia du emakumeekin, eurak gauzatzen baitute eguneroko bizitza sostengatzen duen zaintza lana; modu ikusezin eta prekarioan, gainera. Genero ikuspegia duten aurrekontuak oinarrizko tresna dira emakumeen behar espezifikoei erantzuteko, baita gehiengoarentzat bizitza duina bermatzeko eta genero arteko botere harremana estrukturalak eraldatzeko ere.

4. Energiaren ekoizpen eta komertzializazioaren gaineko kontrol publikoa ezarri, eredu energetikoaren trantsizioa zein burujabetza ahalbidetuko duten ekoizpen zein jarduera iraunkorrak bultzatuz.

5. Abiadura Handiko Trena, Fracking-a, gas putzuak, Garoña, Errauskailuak… proiektuak eten. Natura zein gure osasunarentzat kaltegarriak diren, alperrikakoak eta aurrekontuen poltsa xahutzen duten proiektu guztiak gelditu,eztabaida sozial parte hartzailea sustatuz eta proiektu hauek suposatzen duen gastua babes sozialean inbertituz.

6. Babes Sozialeko sistema publiko, integral, duin eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen jendarte ereduaren norabidean kokatuko dena. Horretarako,

  • DBE-ari (diru-sarrerak bermatzeko errentari) Lanbidek kudeatzen dituen beste prestazioei aplika diezaietela LGS-ak (Lanbide arteko gutxieneko soldatak) izan duen %8-ko igoera.
  • Indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria.
  • Pentsio sistema publiko propioaren bidean urratsak ematea.

7. Oinarrizko eskubide sozialak herritar guztioi, inolako diskriminaziorik gabe eta emergentzia sozialean daudenei lehentasunez, bermatzea:

  • Alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatu eta etxebizitza hutsen gaineko zerga ezarri.
  • Menpekotasun egoera ororen estaldura, kalitatezko zerbitzu publikoen bidez.
  • Osasun zerbitzu eta arreta unibertsala.
  • 0 – 3 urte artean eta gainerako hezkuntza etapatan (goi mailako irakaskuntza barne), dauden (plaza) eskaera guztiak sare publikoan estaltzea, doan.

8. Zorraren auditoria azken muturreraino eramateko konpromisoa berrresten dugu. Obra erraldoiak, ezkutuko mugimenduak eta enpresa publikoen sare iluna dira zorraren egileak. Auditoria ikusten dugu zor ilegal hori ez ordaintzeok urrats gisa.

9. Aurrekontu partea hartzaileak aldarrikatzen ditugu, politika publikoak diseinatu zein erabakitzeko herritarron parte hartzea ahalbidetuko duten baliabideak bideratuz.

10. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eredu sozial zein ekonomikoari buruzko erabakiak modu burujabean hartzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.

 


AdjuntoTamaño
M17 aurrekontuak.jpg108.54 KB